2007/12/29

Chef Txikia

Sukaldea laborategi baten antzekoa da, bertan erositako elikagaiak eraldatzen dira. Magiaz elikagaien usaina, ehundura, zaporea eta itxura hobetuko ditugu.

Plater gustagarriak egiteko, produktu onak, irudimena eta maitasun handia behar da; baina gainera amantala jantzita eta eskuak garbi-garbi izan behar dira.

Atal honetan familia giroan sukaldean aritzeko zenbait errezeta osasungarri eta dibertigarri eskaintzen dizkizuet.


GAZTA, TOMATEA ETA OLIOA
Osagaiak:
-Tomatea.
-Olioa.
-Ogi puxketa txigortuak.
-Aurpegi beltzeko ardi Karrantzarraren gazta ondua, 100gr.

Tomate sopa prestatu behar dugu. Horretarako tomatea zati txikitan zatituko dugu eta irabiagailu elektrikoarekin txikituko dugu. Gatza bota eta iragazki batetik pasatuko dugu.
Plater sakon batetan olio zorrotadatxoa bota erdian tomate sopa koilarakada eder bat jarri eta honen gainean gazta birrindua. Azkenik, platera apaintzeko ogi puzketa txigortuak jarriko ditugu inguruan.

SANDWICHAK AJON-JOLIAREKIN
Osagaiak:
-Moldeko ogia, 4 xerra.
-Ajon-joli edo sesamo hazi batzuk.
-Letxuga.
-Tomatea.
-Arrautza egosi bat.
-Maionesa.
-Urdaiazpikoa.
-4 zainzuri.
-Espinaka freskoa, osto batzuk.

Lehenengo eta behin ogia txigortu behar da. Gurinarekin ogiaren alde bat bustitzen dugu eta bustitako alde berean sesamo haziak botatzen ditugu gainetik itsatsita gera dadin. Ondoren ogia txigortu egiten dugu.
Lau sandwinch egingo ditugu. Beraz, bi ogi-xerra jarriko ditugu. Bietan maionesa apur bat jarriko dugu, gero letxuga orri bat, bi edo hiru tomate xafla fin, gero urdaiazpiko xerra bat, espinaka hostoa, apur bat zapalduta geratuko diren bi zainzuri eta azkenik maionesa apur bat.
Ogiaren beste estalkia jarri eta hiruki forman moztuko dugu erraz jan ahal izateko.

OILASKO HAMBURGESAK
Osagaiak:
-3 oilasko bularki.
-Arrautza bat.
-Ogi birrindua.
-Mostaza.
-8 kapar.
-Hezurrik gabeko 8 oliba.
-Natxoak.
-Gazta birrindua.

Bularkia txikiturik erosi behar dugu (hamburgesa okela bezala). Bularkia eta beste osagai guztiak entsalada ontzi handi batean nahastu eta ondoren masa bat egin behar dugu eskuekin. "KONTUZ" mostazarekin, oso gutxi bota behar dugu zapore gogorregia duelako.
Haragi apur bat hartu eta kanika erraldoia egin behar dugu berarekin. Gero, apur bat zapalduko dugu hamburgesa forma har dezan.
Behin haragi guztiarekin hamburgesak egin eta gero hauek zartaginean frijituko ditugu.
Goarnizio gisa, natxoak ipiniko ditugu gainetik gazta birrindua botako diegularik.

FRUTA TARTA
Osagaiak:
-Bizkotxo xafla bat.
-Azukre beltza.
-Sagar bat.
-Esnegain likidoa, litro erdi.
-Melokotoi bat.
-Platano bat.
-Platerak dekoratzeko mahuka.

Bizkotxo laberatutakoak erosiko ditugu, baina nahi bada bizkotxoa ere egin daiteke. Bizkotxoaren gainean, zabal-zabalik, esnegain geruza bat jarriko dugu. Esnegainari azukre beltza bota behar zaio. Gero eskuko irabiagailuarekin martxa pixka bat eman, gogor geratu arte.
Beste bizkotxo geruza bat jarriko dugu eta honen gainean fruta xerra txikiak jarriko ditugu (guk sagarra, platanoa eta melokotoia proposatzen dugu baina edozein fruta izan daiteke). Frutari azukre beltza botako diogu gainetik eta labean dena gainerreko dugu.
Hoztutakoan, pastelak egiteko mahukan sartutako esnegainarekin pastela apainduko dugu.

No hay comentarios:

Creative Commons License
Esta obra está bajo una licencia de Creative Commons.